Heading Example

Ikastetxea

Eskolaren historia

 

2008-2009 ikasturtean 50. urteurrena ospatu genuen. Goazen ba historia pixkat egitera.  Garai bateko eskola ahal zen tokian ematen zen, Lakuntzan bi eskola ziren, mutilena eta neskena. Mutilena oraingo Biltoki egoitzan ematen zen, elizaren atzekalde hartan. Neskak berriz, Udaletxeko goiko pisuan aritzen ziren, irakasleen etxearen ondoan. 1952. urte inguruan neska eta mutil orain gauden tokira etorri ziren. Hasierako eskola hura pisu bakarrekoa zen, ataria eta gela bana alde bakoitzean. Horrek ez zuen luzaroan iraun 1958. urteko plaka batek oroitarazten digulako garai haietan berriztatu zutela, eskolagintza plan baten barruan.
Urte haretan bigarren solairu bat erantsi zioten eta eskolak gaur egungo itxura hartu zuen. Handik 20 bat urtetara handitze premia zegoela eta, eskola eta pilotalekuaren artean zegoen puska gehitu zitzaion.

1981. urtean D eredura pasatu zen eskola. Urte hartan hasitako haurrak urtez urte eredua igotzen joan ziren, ikasle zaharragoek aurreko eredua agortzen zuten heinean. 

Denborarekin herriko eta eskolako ume kopurua handitzen joan zen eta 2008ko udan moldatze lan batzuk egin ziren oztopo arkitektonikoak gainditzeko eta behar bezain beste gela izateko, jantokia ere orduan ezarri zelarik. 

Lehen, gure eskolak Luis Fuentes ikastetxe publikoa zuen bere izena, izen bereko kalean zegoelako. Gero, kaleak Abarrategi izena hartu zuen baina eskolak jarraitu zuen Lakuntzan lehendabiziko lantegia jarri zuen enpresariaren omenezko izenarekin. 2017-18 ikasturtean bere izen ofiziala Lakuntzako Herri Eskola izatera pasatu zen, Sakanako beste Herri Eskolekin batera elkarte bat osatzen dugularik.